Azkenean! Itxaronaldia amaitu da eta asteburu honetan hockeya itzuliko da. Eta hasteko, etxean: CD Mundaizen bi partidak Josean Gascan dira, beraz ez dago aitzakiarik animatzera ez etortzeko.
Larunbata, 3: juniorrek irekiko dute denboraldia
Gure junior taldeak Euskal Liga Juniorra hasiko du larunbatean 12:15ean, Bat Goraren aurka. Egutegian Gasteizen agertzen zen, baina azkenean hemen jokatuko da, Gascan.
Gasteiztarren aurka ez da inoiz erraza izaten: iaz lau aldiz egin genuen topo eta dena gol bakarrera erabaki zen. Ligan bi partidak irabazi genizkien gol bakarreko aldearekin (2-3 han eta 4-3 hemen), sektorean 3-3 berdindu genuen eta Euskal Kopako finalean berriro irabazi genuen, 3-2. Sufritzeko eta gozatzeko partida dirudi.
Igandea, 4: Liga Norte itzuli da
Igandean lehen taldearen txanda da: Liga Norte hasiko du 12:00etan, Laguna Negraren aurka, Soriatik datorren taldea. Iaz ondo joan zitzaigun haien aurka (9-1 etxean eta 4-11 kanpoan), baina lehen jardunaldia lehen jardunaldia da, eta inork ez du ezer oparitzen.
Eta sailkapena?
Oraindik dena zeroan, beraz kontuak geroago. Nahi duguna da puntuak batuz hastea, konfiantza hartzea eta harmailetan nabaritzea itzuli garela.
Kontuz igandean Gascara iristeko
Igande goizean Donostiako Maratoi Erdia korrituko da: 9:30ean aterako da Bulebarretik eta Amaratik igaroko da, gu partidara iristen ari garen garaian. Dbus-ek ibilbideak eta geltokiak aldatuko ditu 9:00etatik 12:30era (xehetasunak hemen), eta kale batzuk itxita egongo dira.
Gure aholkua: irten denborarekin, hobe oinez edo bizikletaz ahal baduzue, eta autoz bazatozte, kontuan izan inguruan aparkatzea zailagoa izan daitekeela.
Berria: Mundaiz Porra
Aurten zerbait berria estreinatzen dugu: Mundaiz Porra. Oso erraza da: partida bakoitzaren aurretik esan nola amaituko dela uste duzun eta, bukatzen denean, puntuak batuko dituzu asmatutakoaren arabera.
- 5 puntu emaitza zehatza asmatuz gero.
- 3 puntu gol-aldea asmatuz gero.
- Puntu 1 gutxienez nork irabazten duen (edo berdinketa) asmatuz gero.
Ez dago saririk ezta dirurik ere: kontua ondo pasatzea da, familiarekin, koadrilarekin, taldekideekin, harmailako jendearekin… nahi duzunarekin pixka bat piztea eta barre batzuk egitea, sailkapenean nor doan aurretik ikusiz. Webguneko zure kontuarekin sartu eta ezizen bat aukeratu besterik ez duzu.
Asteburu honetako bi partidak irekita daude jada: egin zure porra itxi aurretik, partida bakoitza baino ordubete lehenago. Nor izango da lehen liderra?
Gascan ikusiko dugu elkar.
Aupa Mundaiz!